Zarautz Palestinarekin

Zarautz Palestinarekin



Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak zein nazioarteko legedia urratuz, Israelgo estatu sionistak urteak daramatza palestinar herriaren aurkako zapalkuntza areagotzeko neurriak hartzen eta eraso ankerrak egiten. Horregatik, giza eskubideen eta benetako bakearen defentsan, nazioarteak ezinbestean heldu behar dio gatazka honen muinari, legedia betearaziz eta palestinarrei dagokien lurraldea itzuliz. Nazio Batuen Erakundeak, zehazki, 1974an onartu zuen Palestinak independentziarako eta aske izateko eskubidea duela dioen ebazpena, eta ebazpen hartan zehaztu zuen Israelek lapurtutako lurraldeetara itzultzeko eskubidea ere badutela palestinarrek.

Mendebaldeko herrialdeek eta nazioarteko erakundeek, ordea, beste aldera begiratzen dute auzi honetan. Palestinako lurralde okupatuetan Israelek ezarritako apartheid egoerak eta Gaza urte askoan irteerarik gabeko kartzela erraldoia bihurtu izanak ez du inolako erantzunik izan urte hauetan guztietan. Areago, Israelgo estatua zuritzeko eta normalizatzeko ahalegina etengabea da batean eta bestean.

Orain, beste behin ere, Gazako herritarren aurkako genozidioa aldarrikatzen ari da Israel. Gerra krimen larriak eginez, bi milioi palestinar baino gehiago bonbardatzeko eta Gaza mapatik desagerrarazteko asmoa iragarri dute, hango biztanle guztiak animaliak direla adieraziz.

Horregatik, gure erakundeei eta nazioarteari argi adierazi nahi diogu Palestinako herriarekin bat egiten dugula. Behingoz palestinarren aurkako genozidioa gelditzeko ordua da. Eskubideetan oinarritutako benetako bakea adierazten dute olibondoen adarrek. Olibondoak sendotzeko garaia da, ez olibondoak suntsitzekoa.

Zarautzen, 2023ko urriaren 19an

------------------------------------------------------------------------------

· Testu honi eta urriaren 19ko mobilizazioari atxikimendua adierazteko: palestinarekin@ni.eus

· Antolatzaileak: Zarauzko hainbat herritar eta eragile.

Hurrengo egunotan zabalduko dugu zerrenda osoa.

LAGUNDU ZABALTZEN!

Report Page