Bermeoko Aurrekontuak 2018: lan asko, fruitu gutxi

Bermeoko Aurrekontuak 2018: lan asko, fruitu gutxi

GUZAN


Pasa den abenduan hasi ginen 2018ko aurrekontuen inguruan lanean, udal gobernuak lehen zirriborroa helarazi zigun momentuan hain zuzen. Honakoa izan zen aurrekontuen negoziaketarako proposatutako lan dinamika: oposizioko taldeek enmiendak egin, eta ondoren udal gobernuak aztertu eta erantzungo zituen.

Prozesu guzti honetan ez da entzun herritarren iritzirik eta negoziaketak era pribatuan eraman dira. Ez dugu uste hau denik aurrekontu partehartzaile eta irekiak eraikitzeko formula.

Hori esanda, Guzan taldetik abian jarri eta 28 emendakin aurkeztu genizkion 18.850.000€-tan baloratutako aurrekontuari. Hiru bloketan bana genitzazke aurrekontua hobetzeko aurkeztutako proposamenak: politikak, inbertsioak eta eskariak.

Politikak

Renting kontratuak. Finantziatzeko zailtasunak dituen aitzakiarekin, renting edo alkiler kontratuak ugaritzen ari dira Bermeoko Udalean. Autoak, makinak, kamioiak eta abar erosi egin beharrean alkilatu egiten dira eta honek kostuak multiplikatu egiten ditu. Adibidez, 17.000€-tan baloratutako auto batengatik 13.000€-ko alkilerra ordaintzen dugu urtero. Jasangarria da zerbitzu publikoak eskaintzeko era hau? Danatara, 400.000€ inguru gastatzea proposatu du udal gobernuak renting kontratuetan, aurreko urtean baino %25 bat gehiago. Gutxi gora behera, Bermeoko Udalak duen zorra ordaintzeko erabiltzen dugun diru berbera.

Honen aurrean, Guzanetik erosketa plan bat hastea proposatu genuen, epe ertainean diru aurrezpen nabarmenak lortzeko. Erantzuna ezezkoa izan zen.

Renting: "erabili eta bota" filosofia?


ESE Energia kontratua. Bermeoko Udalak energiaren kudeaketa enpresa handien esku utzi du. Hain zuzen, ESE kontratua Vinci multinazionaleko parte den Tecuni enpresari eman zaio 3.087.000€-tan. Gure ustez, subiranotasun energetikoa ezinbestekoa da herri eta nazioen garapenenerako, eta, uraren kasuan egiten den bezala Busturialdeko Ur Patzuergoaren bidez, energia gertutik kudeatzeko formulak erabiltzea proposatu genuen, energia kooperatiben parte bilakatuz adibidez. Kontratua bertan behera uzteko eskatzen emendakina egin genuen eta ezezkoa eman ziguten.

Honekin lotuta, urte batetik bestera argi eta gas kontsumoetan %20ko igoerak aurreikusten zirela eta, goranzko tendentzia hau monitorizatzeko eskaria egin genuen. Eraikinetan auditoria energetikoak egitea aurreikusita zegoela esan ziguten.

Udal langileen soldatak. Udal langileen eroste ahalmena mantentzeko IPC-arekin bat datorren %1,5eko soldata igoera egitea eskatu genuen (50.000€-ko aldea). Erantzuna ezezkoa izan zen.

Euskarazko komunikabideei bultzada. Itsuki Irratia eta Hitzari ematen zaien diru-laguntzak 3.000€-tan handitzea eskatu genuen, ezezko erantzunarekin.

Bermeoko zinea. Bermeoko zinea irekita mantentzeko urtean 30.000€ inguru ordaintzen ditu Bermeoko Udalak. Ze eskaintza egiten du zineak ordea? Pelikula komertzialak eta erderaz, kasurik gehienetan (umeen pelikulak kenduta). Gure ustez diru publikoz lagundutako zineak beste itxura bat izan beharko luke eta honen inguruan kontratua esleitu zenetik ari gara borrokan (Zineko proiektorea ere renting antzeko batekin "alkilatuta" dugu). Udal gobernuak kasua aztertzeko konpromisoa hartu zuen.

Konpromisoari buruzko ohar bat. Aurreko urteko aurrekontuen negoziaketan 2017 urtean Aita Guriaren egoera aztertu eta lantzeko konpromisoa hartu zen. Urte bat eta piku geroago, ez da ezer egin eta itsasontziaren egoera penagarria dago.

Gazteria sailerako 40.000€ gehiago eskatu genituen. Ezezko erantzuna.

Orain arte azaldutako emendakin guzti hauek ez zuten izan inolako erreflejorik Udal Gobernuak aurkeztutako azken aurrekontu borradorean. "Konpromiso" partzialen bat, bai, baina ezer ere ez konkretua.


Inbertsioak

Inbertsioen alorrean hainbat izan ziren aurkeztutako emendakinak. Guztien artean 28.000€ baino ez dizkigute onartu, aurrekontuaren %0,1 hain zuzen. Ideia bat egiteko, aurrekontuak negoziatzen ari ginela Udal Gobernuak (eta inorekin adostu gabe) kanpako tirolina edo Euskal Herriko Itzuliaren etapa anuntziatu zituen. Bien artean 50.000€-tik gorako gastua izango dute.

Kiroldegian hainbat hobekuntza (gimnasioko bentilazioa, txirrindu gunea, umeentzako klaseak) eta Hermanoetako kirol instalazioak berritzea proposatu genuen. Ez genuen inbertsio konpromisorik jaso.

Hermanoetako kanpoaldea oso egoera txarrean dago. Frontoiak eta Kantxak kirol materiala eta argiak berritzea behar dute.


Udalak izandako konpromiso faltaren adibide argi bat: Erreten plazan egingo den umeen aterpea gurasoen eskaerari guztiz moldatzeko 100.000€ gehiago proposatu genituen (Aurreko urtetik konprometituak zituen 178.000€ proiektu honek). Udal Gobernuak emendakina onartu zuen, eurak ere ados daudela esanez. Baina, gure sorpresarako, aurrekontuen azken borradorean 2017an gastatu gabeko dirua baino ez dute jarri. Hau da, 178.000€ + 100.000€ -ko emendakina egin, gobernuak onartu, eta borradorean 178.000€ jarri. Harritzekoa (Udal gobernuak gure emendakinen %70 onartu duela esan du. Hau barne. Egin kontu)

Herriko gune inportanteetan irisgarritasuna hobetzeko obrak egiteko partida ere eskatu genuen, Eskola eta Benito Barrueta arteko pasabidea hobetzeko lanak egitea, San Juan portala txukuntzea, tonpoian oraindik zehaztu gabeko lanak atzeratzea, txosna guneko lurrean putzuak egin ez daitezen EJ-rekin elkarlanean partida sortzea edo Lamerako adokinak txukuntzea. Udal gobernuaren konpromisoa azken borradorean 0€.

Onartutako emendakinak txakurren gunearentzako (16.000€) eta Udal Liburutegiaren lehen pisoa hobetzeko (12.000€) izan dira.


Eskariak

Bestalde, ludoteka eta uda ludoteka diruz hornitzeko 5.000€ gehiago proposatu genituen, eta udal gobernuak onartu. Sastar batze kontratuan udalaren aldeko 10.000€-ko errorea aurkitu genuen. Eta Nestor Basterretxea aretoko irisgarritasuna hobetzeko 5.000€ aurreikusi genituen eta Udalak diru gabe egitea proposatu zuen.

Azkenik, Eskola Publikoko hesiak berrizteko asmoa dagoenez, eskolako patioa asteburu, jai-egun eta oporretan irekitzea eskatu genuen. Udalaren erantzuna: "aztertuko dugu=emendakin onartua" baina egiari zor, azken hiru urteetan hainbat aldiz eskatu dugu hau eta sekula ez digute kasurik egin.

Patioak itxita badaude, non jolasten dute umeak?

Danatara, 33.000€ onartu ziguten azken borradorean. Sorpresaz beteriko azken borradorea, dena esan behar badago. Emendakin guztiak negoziatzeko orduan 18.850.000€-ko diru sarrerak aurreikusten ziren. Ordea, udalak azken borradorea aurkeztu zuenean 19.600.000€-arte egin zuten salto diru sarrerek, 2017an baino milioi eta erdi euro gehiago hain zuzen.

Putuz puntu emendakin guztiak aztertuta, argi ikusi dugu akordioetara heltzeko boluntade falta izan duela Udal Gobernuak. Agian zerikusirik du aurrekontua luzatuz gero asignazio gabe geratuko den miloi eta erdi horrek (Gobernuaren kontrolpean geratuko litzateke diru kopuru hori).

Guk jakin badakiguna da, herri hau hobetzeko proposamenak lantzen jarraituko dugula eta baita proiektu ezberdinak martxan jartzen ere, gazteen alkilerrerako dirulaguntzekin egin genuen moduan, edo aurrekontu partehartzaileekin egin genuen moduan. Eta, orain arte bezala, zarata egin gabe ahalik eta zintzoen lanean jarraituko dugula seguru da.

2018an aurrekonturik ez, baina duda barik herriak aurrera egingo du!

Informazio gehiago behar baduzue idatzi Facebook orrialdera edo guzanmugimendua@gmail.com helbidera.

Ondo Ibili!

GUZAN


Report Page