Koronabirusa Gasteizen geratzeko proposamen muturrekoa

Koronabirusa Gasteizen geratzeko proposamen muturrekoa

Unai Fdz. de Betoño (CC-BY-SA)

Italian industria-ekoizpena gelditu berri dute, oinarrizko zerbitzuena izan ezik, azken 24 orduetan 793 hildako eduki ondoren: 13 hildako milioi biztanleko.

Araban, ostiralean eta larunbata bitarteko 24 orduetan 7 hildako jazo ziren (21 hildako milioi bakoitzeko), eta, larunbata eta igandea bitartean, 5 hildako (15 hildako milioi biztanleko). Baina hemen ez dira lantokiak itxi. Zer pentsa ematen du, ezta?

Biztanleekiko proportzionalki, 9 aldiz arabar gehiago hiltzen ari da koronabirusa (18 hildako/100.000 bizt.), bizkaitar, gipuzkoar edo nafarrekiko alderatuta (2 hildako/100.000 bizt.).

Gehienak hiri bakar batean dira, gainera: Gasteizen. Baina bertan ez dira neurri bereziak ezarri, umeen eskola-itxieraz gaindi (gainerako EAEko umeek baino 3 egun gehiago daramatzate gasteiztarrek eskolarik gabe).

Zenbat hildako egon behar dira Gasteizen neurri gogorragoak hartzeko? Zeintzuk dira neurri gogorrago horiek? Eta zenbat hildako, neurri muturrekoak hartzeko? Zeintzuk dira muturreko neurri horiek?

Proposamen muturrekoenak hurrengoak izan zitezkeen (denak, edo bakarrik batzuk aplikatu ahal dira, egoeraren larriaren arabera):

1.- Gasteiz hiria erabat itxi: ez utzi jendea ateratzen, ezta sartzen ere. Salbuespen batzuekin, noski: oinarrizko merkantziak, osasun-zerbitzuak eta segurtasun-indarrak.

2.- Lantoki guzti-guztiak eta garraio publikoa erabat itxi: denda guztiak, supermerkatuak eta farmaziak barne. Autobusak eta tranbiak (taxien zerbitzu minimo bat ezartzea pentsa liteke, soilik larrialdietarako). Salbuespen bakarra oinarrizko produktuen ekoizpen, transformazio eta banaketa litzateke, baina salmenta beste modu kontrolatuago batean egin beharko litzateke.

3.- Gizartetxeak ireki: oinarrizko elikagaiak, medizinak eta babes-ekipamenduak (maskarillak, eskularruak...) modu publiko eta kontrolatu batean helarazteko. 14 daude Gasteizen: Abetxuku, Aldabe, Aranbizkarra, Ariznabarra, Arriaga, Hegoalde, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, El Pilar, Lakua, Landatxo, Salburua eta Zabalgana.

Ideia litzateke gizartetxeetan zentralizatzea dena, ondo babestutako langileen bidez, eta ondo kontrolatutako ilaren bidez. Gizartetxeak supermerkatuak ez direnez, ez lituzkete hozkailurik edukiko: soilik oinarrizko produktu ez galkorrak banatuko lirateke (pasta, arroza, lekaleak, latak, tetrabrick-ak, galletak, paper higienikoa, xaboia...). Eta produktuak ez lirateke salduko: beharren arabera "doan" (denon artean ordainduta) banatuko lirateke.

Gizartetxeetara elikagaien bila joateko txandak antolatuko lirateke, ilarak txikitzeko asmoarekin (egun batean atari bakoitietakoak, hurrengoan bikoitietakoak...).

Gasteizko 14 gizartetxeen sarea. Irudia, egilearena.

4.- Oinarrizko Errenta, eskatzen duen ororentzat: telelana egiten jarrai dezaketenek haien soldatak mantenduko lituzkete (hala nahi badute); gainerakoek, oinarrizko errenta eskatu eta jasoko lukete, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik aterako litzatekeena.

5.- Azpiegitura handien obren moratoria: gaur egun eraikitzen ari diren obra ez urgenteak (AHT, Supersur, BEI...) bertan behera utzi beharko lirateke, behin-behingoz, dirua Oinarrizko Errenta ordaintzera bideratzeko.

6.- Etxegabetzeak gelditu: egoera honetan ezin dira onartu. Jabe txikiek ez lukete bizirauteko arazorik, Oinarrizko Errenta edukiko luketelako.

7.- Osasun-sistemarako zein etxegabekoentzako desjabetze behin-behinekoak: elizaren ondasunak, ospitale pribatuak, hotelak, apartamentu turistikoak... denak izan daitezke ospitale publiko eta etxebizitza potentzialak. Beharrezkoa balitz, behin-behingoz desjabetuko lirateke.

Report Page